Post on 20-Feb-2020
transcript
V. MUNDU KONFERENTZIA
ETORKIZUNA ERAIKITZEN: FAMILIA NEKAZARITZA
Bost kontinenteetako landa eremuetako 200 ordezkari bilduko ditu Munduko Landagunearen
Mundu Konferentziak. Zenbait gobernutako mandatariak, nekazari elkarteak, nazioarteko
erakundeak (FAO eta IFAD, hala nola), Familia Nekazaritzaren Batzorde Nazionalak, landa
garapenerako elkarteak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta ikerkuntza zentroak Seminario
Bilbao Hotelean elkartuko dira, Derion (Bizkaia), Familia Nekazaritza bultzatzeko beharrezko
neurrien inguruan eztabaidatu asmoz.
Landa garapenaren eta laborantzaren eremuan garrantzitsuak diren hainbat gairen inguruan
mintzatuko dira. Besteak beste, Familia Nekazaritzaren karakterizazioan lortutako emaitzak
aztertuko dituzte, nekazarien bizimoduan eragiten duten politikak hobetzeko existitzen diren
elkarrizketa-mekanismoei buruz hitz egingo dute eta, baita ere, nekazari elkarteen eta
ikerkuntzaren artean zubiak eraikitzeko modua aztertuko dute.
Nekazaritzaren arloan diharduten familiak dira, hain zuzen ere, landa inguru aberats, justu
eta bizi baten bizkarrezurra. Mendi eta landa eremuak ez baitira gauza bera laboraririk gabe.
Elikagai osasungarriak ekoizten dituztelako, denboran mantentzen den aktibitate
ekonomikoa sortzen dutelako, eta lurraldearen eta ingurugiroaren zaindari direlako.
Laborantza eredu eta bizimodu honekin zerikusia duten neurriei buruz hitz egiteak, ideiak
partekatzeak, honako hau esan nahi du, azken finean: landaguneetako eta itsasaldeko
gizon-emakumeen beharrei erantzutea. Munduan existitzen diren milioika nekazari,
ganaduzale eta arrantzaleentzako etorkizun hobeago bat imajinatzea. Eta hori herritar
guztion mesederako izango da, dudarik gabe.
Landa eremuen inguruan elkarrizketa eta gogoeta bultzatu nahi izan du hasieratik Munduko
Landaguneak. V. Mundu Konferentziak, bide horretan, landaguneetako herritarrek gaur egun
dituzten behar eta desafioak aztertzen jarraitzeko balioko du.
V. Mundu Konferentziaren programa osoa hemen.
Noiz: 2015eko irailaren 21, 22 eta 23an.
Non: Hotel Seminario Bilbao, Derio (Bizkaia).
E-mail orokorra: conference1@ruralforum.net
Komunikazio e-maila: communication@ruralforum.net
Komunikabideen harremanak:
- Goizargi de las Heras: gdelasheras@ruralforum.net - +34 637 44 44 07
Komunikabideentzako akreditazioa: Konferentziako edukiak jarraitu eta informatzeko,
kazetariak prentsa-arduradunekin kontaktuan jarri beharko dira.
Elkarrizketak: Konferentzian parte hartuko duten hizlariak elkarrizketatzeko aukera izango
da. Konferentzian zehar edo ondoren egin nahi diren elkarrizketak aurretik koordinatu
beharko dira. Dossier honi atxikitako dokumentuan aurki ditzakezue parte-hartzaileen artean
interesgarri izan daitezkeen hainbat ordezkari.
Informazio gehiagorako: www.ruralforum.net/es/v-conferencia/
@WorldRuralForum
#WRF5Conf
#FamilyFarming
SARRERA
Familia Nekazaritza laborantza-ekoizpena –nahiz basogintza, arrantza, artzantza eta
akuikultura– antolatzeko modu bat da, zeinetan ekoizpenaren kudeaketa eta gidaritza familia
baten eskuetan dagoen, eta senideen eskulanean, gizon nahiz emakume, oinarritzen den.
Gure inguruko baserrietan ikus daitekeen moduan, familia eta ingurunea elkarri loturik bizi
dira, elkar eragiten diote eta hainbat funtzio partekatzen dituzte ekonomiaren, ingurugiroaren,
erreprodukzioaren, gizartearen eta kulturaren ikuspegitik. Familia Nekazaritzaz ari garenean,
artisau-arrantzaleak, artzainak, biltzaileak, lurgabeak eta herri indigenak ere kontuan hartzen
dira.
Mundu mailan konsumitzen diren elikagaien %70 Familia Nekazaritzak ekoitziak dira eta
eredu hau nagusi da Euskadin nahiz Espainian. Hala ere, eredu honek Gosearen eta
Malnutrizioaren aurkako borrokan duen garrantzia eta potentziala izugarria izan arren,
herrialde askotan familia nekazariek ez dute inolako babesik ezta errekonozimendurik
jasotzen beren eguneroko lana garatzeko.
Gabezia horri buelta eman asmoz, Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea 2014 ospatu
zen joan den urtean, helburu jakin batekin: Familia Nekazaritzaren aldeko konpromiso
politikoa areagotzea. Horixe izan zen, hain justu, Nazioarteko Urtearen emaitzarik
nabarmenena, hainbat lege, aurrekontu eta programetan hobekuntzak lortu baitziren politika
publikoen arloan.
Hain zuzen ere, elkarrizketan eta elkarlanean oinarritutako testuinguru mesedegarri hori
bultzatu asmoz irailaren 21, 22 eta 23an Munduko Landagunearen V. Konferentzia egingo da
Derion, Familia Nekazaritza sustatzeko beharrezko diren politika publiko berezituen alde.
Familia Nekazaritza, artisau-arrantza, artzantza eta komunitate indigenen aldeko aldarriak
nazioarteko agendan mantentzen lagunduko du. Etorkizuna eraikitzen: Familia Nekazaritza
V. Mundu Konferentziak, FNNU+10 kanpainaren testuinguruan. Ekimen honek Brasiliako
Manifestuan du jatorria. Bost kontinenteetako familia nekazarien elkarteen adostasunean
oinarritzen da dokumentu hori, eta hainbat landa garapenerako elkarte, ikerkuntza zentro eta
GKEren babesa jaso zuen.
FAMILIA NEKAZARITZA
DENONTZAKO ELIKAGAIAK IZATEA BERMATZEN DU. MUNDUKO ELIKAGAIEN
% 70 FAMILIA-NEKAZARITZAN EKOIZTUA DA.
Funtsezkoa da gosearen eta malnutrizioaren aurka borrokatzeko.
Nekazaritza-ustiategi txikiak, sarritan, handiak baino emankorragoak eta
jasangarriagoak dira, kontsumitutako lur eta energia unitate bakoitzeko.
ONGIZATEA SORTZEN DU. MUNDU OSOKO ETXEEN % 40K FAMILIA-
NEKAZARITZA DUTE BIZIBIDE.
Garapen-bidean dauden herrialdeetan 3.000 miloi biztanle dira. Horietatik
2.500 miloi inguru nekazaritzan diharduten familietako kide dira.
Landaguneetako biztanleria orekatzeko lagungarria da, baita ere balio kultural
historikoak babesteko, eta errenta zein kontsumoa suspertzeko.
PROBEZIAREN AURKA BORROKATZEN DU. BESTE EKOIZPEN SEKTOREAK
BAINO GUTXIENEZ BI ALDIZ ERAGINKORRAGOA DA POBREZIA
PREBENITZEKO.
Nekazaritzaren eraginez BPG gora egitea eraginkorragoa da pobrezia
prebenitzeko, BPG beste sektore batzuen eraginez gora egiten duenean
baino: bi aldiz eraginkorrago, hain zuzen.
Nekazaritza gora egitea eta landaguneak izatea ona da hiriguneetako
pobreentzat ere, elikagai gehiago eta hurbilago sortzen direlako.
BIOANIZTASUNA BABESTEN DU. AHALMEN HANDIA DU TOKIAN TOKIKO
LANDAREAK ETA ESPEZIEAK KONTSERBATZEKO.
Historian zehar 7.000 landare inguru erabili ditugu gure oinarrizko beharrei
erantzuteko. Gaur egun, gehienez, 150 espezie dira merkaturako lantzen
direnak.
Familia-nekazaritzak, berariaz aniztasuna sortzeaz gain, aniztasuna zaintzen
eta babesten lagundu dezake, ingurune bakoitzari ondo egokituak egongo
diren tokian tokiko ganadua eta haziak erabiltzen badira.
EMAKUMEA ERE EKOIZLEA DA. GARAPEN-BIDEAN DAUDEN
HERRIALDEETAN, NEKAZARITZAN ERABILTZEN DEN ESKULANAREN ERDIA
EMAKUMEAK DIRA.
Nekazaritzan erabiltzen den eskulanaren zati handi bat dira emakumeek
egiten dute. FAOren arabera, garapen-bidean dauden herrialdeetan
nekazaritzan ari diren pertsonen % 43 emakumezkoak dira. UNIFEM
elkartearen arabera, berriz, portzentajea are handiagoa da: % 60-80 bitartean.
FAMILIA NEKAZARITZA EUSKADIN ETA ESPAINIAN
Euskadiko nekazaritza-ustiapen ia-ia guztiak Familia Nekazaritzaren eremun kokatzen dira.
Berdin da teknifikazio, intensifikazio nahiz modernizazio maila zenbaterainokoa den; guztiek
familia dute oinarri. Euskal nekazari ustiapenek, landa eremuetako ekonomiaren motor
nagusia izateaz aparte, ezinbesteko papera jokatzen dute lurraldearen oreka mantentzeko
garain, dela gizartearen ongizatearen ikuspuntutik, dela ingurumenaren kontserbazioa
kontuan hartuz gero. Horren lekuko, honako zifra hau: EAEko biztanlego aktiboaren %0,91
soilik bizi da lehen sektoretik eta, hala ere, lurraldeko azaleraren %85 kudeatzen dute
nekazari eta baserritarrek.
Autonomia Erkidegoan guztira 16.416 ustiapen daude martxan eta horien bataz besteko
tamaina ezberdina da herrialdearen arabera –Araba (32 hektarea), Bizkaia (10 ha), Gipuzkoa
(16 ha)–, baldintza klimatiko eta orografiko ezberdinak tarteko. Hamar ustiapenetatik
bederatzitan, jabeek 40 urte baino gehiago dituzte.
Espainian, Familia Nekazaritzak desafio handiei egin behar die aurre, gero eta gehiago
gainera: energiaren berebiziko prezioa eta bestelako sargaien gorabeherak, nazioarteko
merkatuen aldakortasuna, kreditua lortzeko eragozpenak eta elikagaien ekoizpen-kateetan
dauden desorekak.
Familia Nekazaritza ezinbestekoa da landa eramuetako ongizate ekonomiko eta sozialaren
oinarri bezala. Paisaiak eratzen ditu, tokian tokiko elikadura sistemen bizkarrezurra da, eta
horien inguruan antolatzen da herri eta eskualdeetako bizitza. Beraz, ondorioz, lurraldearen
etorkizuna eta jasangarritasuna bermatzeko oinarrizko elementua da. Baita ere nekazaritzari
eta abeltzaintzari lotutako biodibertsitatea mantentzen laguntzen du, nekazaritza
ekologikoaren zati handi bat bere baitan hartzen du eta hein handi batean praktika
jasangarriak mantentzen ditu.
Elikagaien sisteman naiz landaguneetan jokatzen duen papera tarteko, Familia Nekazaritza
herri-ondasunen sortzaile garrantzitsua da. Horiek guztiak gizarteak bere osotasunean
bultzatu behar ditu, politika publiko egokien bitartez.
FAMILIA NEKAZARITZAREN NAZIOARTEKO URTEA
Nazio Batuek deklaratutako Nazioarteko Urteen artean, 2014ko Familia Nekazaritzaren
Nazioarteko Urtea izan zen gizarte zibilak bultzatutako kanpaina batek sorrarazitako lehena.
Munduko Landaguneak bultzatu zuen, hain justu, eta bost kontinenteetako gizarte zibileko
360 elkartek babestu zuten.
Ospakizuna, Nazio Batuen Batzar Orokorraren onespena jaso ondoren, familian oinarritutako
nekazaritza sistemen aldeko politika publikoak bultzatzeko tresna bilakatu zen.
Hori guztia, Pobreziaren eta Gosearen aurkako borrokaren testuinguruan nahiz
ingurugiroaren eta biodibertsitatean oinarritutako landa inguruen babesean.
IYFF+10 FAMILIA NEKAZARITZARI BULTZADA
Familia Nekazaritzaren emaitza nabarmenen ondoren, IYFF+10 ekimenaren helburu nagusia
izango da Familia Nekazaritzarekin zerikusia duten politika publikoak hobetzea. Ekimen
honek, testuinguru zabal batean, honako hiru ekintza nagusiak hartuko ditu bere baitan:
1. Familia Nekazaritzaren Komite Nazionala bultzatzea.
2. Familia Nekazaritzaren Gidalerro Globalak eraikitzea
3. Ikerkuntza parte-hartzailea bultzatzea.
Nazioarteko Urtean gertatu bezala, IYFF+10 ekimena saiatuko da elkarlana eta elkar-
ulertzea bultzatzen, nekazari-elkarteen, landa garapenerako elkarteen, ikerkuntza zentroen,
gobernuen eta nazioarteko erakundeen artean.
MUNDUKO LANDAGUNEA. V. KONFERENTZIA
Familia Nekazaritzaren eta landa garapen jasangarriaren alde lan egiten duten sare plurala
da Munduko Landagunea. Kideen artean ditu Afrika, Amerika, Asia, Europa eta Ozeaniako
hainbat nekazari-elkarte, landa garapenerako elkarte eta ikerkuntza zentro, hala nola.
Idazkaritzaren egoitza Arkautiko Elikagaien eta Nekazaritzaren Kanpusean du, Gasteizen,
alegia.
1998an antolatutako Nazioarteko Konferentzia baten ondorioz sortu zen Munduko
Landagunea, Gasteizen. Garai hartan, nekazaritza Munduko Merkataritza Antolakudearen
(MMA) negoziaketetan sartu zen lehen aldiz. Errealitate berri horrek laborari txikiengan
izango zituen ondorioak aztertu ziren konferentzia hartan.
Bigarren Konferentzia Laguardian egin zen 2002an eta gai nagusia honako hau izan zen:
Landa Garapena Globalizazioaren testuinguruan. Hirugarrena, berriz, 2006an egin zen
Donostia eta Arantzazun, Garapena eta elkartasuna: desafioa eta elkartasuna izenburupean.
Elkartasunean oinarritutako garapena lortzeko bidean landa inguruek jokatzen duten papera
aztertu zuten okasio hartan.
Munduko Landagunearen azken konferentzia, Familia Nekazaritza: Mundua elikatu, lurra
zaindu, izenburupean, 2011n egin zen Bilbon. Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtearen
aldeko kanpainan –eta FNNU-2014aren ospakizunetan, gero– landu beharreko gai nagusien
definizioan mugarri izan zen kongresua, okasio hartan.
Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtearen jarraipena bermatzeko balioko du aurtengo
konferentziak. Gai hori nazioarteko agendan mantentzeko baliko du eta datorren hamar
urteetarako ekintzak lantzen jarraitzeko aukera eskainiko du.
1. ERANSKINA
CV Parte-hartzaileak
Andre Leu, presidente de IFOAM
@Andreleu1
'Pestizida seguruen mitoa' liburuaren egilea eta lehendakaria IFOAM Organics International
elkartean, Nekazaritza Organikoko Mungimenduen Nazioarteko Federazioan. 125
herrialdetan banatutako 800 elkartek osatzen dute gaur egun IFOAM. Ekologiaren,
gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarriak diren elikagai sistemak bultzatzea du
helburu erakunde honek, beti ere laborantza organikoa oinarri hartuta.
Marcela Villarreal, FAO
Elkarlanerako, Sustapen-jardueretarako eta Gaitasunen garapenerako Bulegoko zuzendaria
FAOn, Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundean. Landa inguruetako
soziologian doktorea, Cornelleko Unibertsitatean, hainbat lan egin eta publikatu du honako
gaietan: pobreziaren murrizketa, landa garapena, desberdintasun sozialak, enplegua, IHESa,
elikagaien segurtasuna eta genero berdintasuna.
Guillermo Dorronsoro, Deusto Businness School
@guillerdorron
Bilboko Industria eta Telekomunikazioen Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan doktorea,
masterra Lurralde-antolamenduan eta Hirigintzan, Berrikuntzarako Ikasketa Aurreratuen
Altuna Fundazioko kidea. Hainbat enpresa eta ikerkuntza zentrotan zuzendaritza ardurak
izan ondoren, gaur egun Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien
Fakultateko dekanoa da.
Esther Penunia, AFAko idazkari nagusia
AFA-Asiako Nekazarien Elkarteko idazkari nagusia da Esther Penunia. 2002an sortu zen
kontinente mailako aliantza hori eta gaur egun dozena bat herrialdetako laborari-elkarteak
hartzen ditu bere baitan. Aurretik, zenbait GKEren kudeaketa eta dinamizazioan hartu izan
du parte, beti landa garapenaren arloan, baserritar eta arrantzale komunitateekin estuki
lanean.
Juan Andrés Gutiérrez, Euromontanako lehendakaria
Euromontanako, mendi-lurraldeen arteko elkarlan eta garapenerako europar elkarteko,
lehendakaria da, Euskadiren ordezkari gisa. Geografian lizentziatua Bartzelonako
Unibertsitate Autonomoan, Mendi-inguruetako Geografía eta Ekologian doktorea Grenobleko
Unibertsitatean. Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babespean sortutako IKT sozietate
publikoan lan egin du eta gaur egun HAZIn dihardu, Landa, Itsasalde eta Elikagarien
Garapenerako Fundazioan.
Alessandra Lunas, CONTAG
Mato Grosso do Sul (Brasil) estatuko Campo Granden jaio zen. Laborari baten alaba,
gaztetan heldu zion sindikalgintzari amaren eraginez, zein irakasle gisa hainbat gizarte
gaietan konprometitua zegoen. 2005ean Brasileko Nekazarien Nazio Konfederazio
CONTAGeko Gizarte Gaietarako idazkari izendatu zuten. Gaur egun CONTAGen
berdintasun gaietarako idazkaria da.
Fernando López, COPROFAM
Uruguayko hegoaldean Familia Nekazaria da Fernando López. Fruta-arbolak eta baratzeak
ditu eta bere eskualdeko (Canelones) kooperatiba bateko kidea da Cuchilla de Sierran.
Landa Garapenerako Komisioko idazkari nagusia da eta Mercosurreko Familia
Nekazaritzako Elkarteen Konfederazioko idazkari nagusia da. Eskualde mailako erakunde
honek 12 herrialdetako beste hainbeste elkarte ditu bazkide.
Uttam Kumar Bhattarai, Nepaleko Nekazaritzaren Garapenerako Ministerioa
Uttam Kumar Bhattarai Nepaleko Nekazaritzaren Garapenerako Ministerioko idazkaria da.
2014 Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtean zehar, Familia Nekazaritzaren Komite
Nazionaleko presidente izan zen. Plataforma honek koordinatu zituen Familia Nekazaritzaren
aldeko lanak joan den urtean herrialde asiarrean. Nepalek, gainera, Familia Nekazaritzaren
Hamarkada deklaratu zuen urte honen hasieran.
Joxe Mari Zeberio, Munduko Landagunea
Ekonomista. Administrazio publikoan hainbat ardura eduki ondoren, Munduko
Landagunearen gidaritza bere gain hartu zuen erakundearen sorreran. Gaur egun, Familia
Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea ospatu ondoren, Munduko Landaguneko lehendakaria da.
Jean Michel Sorisseau, CIRAD
Soziologoa da CIRADen. Montpellierren (Frantzia) egoitza du zentro honek eta eskualde
tropikal eta mediterraneoetan nekazaritza-ikerkuntza eta nazioarteko lankidetzaren arloak
ikertzen ditu. Familia Nekazaritzaren arloan hainbat lan egin du eta makina bat argitalpen
egin ditu gai horren inguruan.